martes, 3 de febrero de 2009

Cristina Garaizabal: Prostituzioa aurreiritziz inguratua dago eta horiek eragiten dute prostitutak biktima gisa ikusiak izatea

Interneten aurkitu dudan, Cristina Garaizabal-ri egindako elkarrizktea hau aurkezten dizuet:

Prostitutak laguntzeko amoz Hetaira elkartean hamabi urte daramatza lanean Cristina Garaizabalek. Feminista peto-petoa, sexu industrian borondatez lan egiten duten emakumeen ogibidea araupetzearen alde agertu da.

Prostituzioa araupetzearen aldekoak zarete, baina zer diote sexuaren profesionalek?



Prostitutek batik bat bere jarduna lana dela aitortzea nahi dute eta horren ildotik, beste edozein langilek bezala lan eta giza eskubideak izatea; argi uztea prostituzioan autonomo gisa jardun daitezkeela, bai kaletarrak eta bai klubetakoak.



Baina ez dira beste langileak bezalakoak!



Argi dago prostituzioaren ogibidea ezin dela beste lanekin alderatu. Baina konparazioak ez dute balio kasu honetan, ezta bestelako kasuetan ere, izan ere, lan bakoitzak bere berezitasunak ditu.



Dena den, borondate propioz lan egiten duten prostitutak gutxienekoak dira. Datuen arabera, %95ek bere kontra egiten du lan sexuaren munduan.



Zifren gerra bat dago honen inguruan eta ziurtatu dezaket datu horiek ez direla fidagarriak. Izan ere, ez dago horri buruzko azterketa serio bat. Are gehiago, gure zifrek bestelako errealitatea erakusten digute. Ezin ditugu orokortu baina, Madrilen ikusi dugunaren arabera, prostituten %85 bere borondatez dago lanbide horretan. Hots, nahiz eta lan egiteko beste aukera batzuk izan, prostituzioan lan egitea libreki erabakitzen dute, diru gehiago eta askatasun gehiago ematen dielako. Beste %5 mafien menpe dago eta beste %10ek bestelako presioak pairatzen ditu.



Egiazko datua da, aitzitik, prostituta gehienak etorkinak direla. Horrela izateak, oztopo gehiago jartzen al dizkio jardun honen balizko legalizazioari?



Kaleko prostituzioan nagusi dira etorkinak, baina ez nuke esango horrela denik beste motatako prostituzioaren kasuan. Kalean daudenetatik, gaur egun, %90 etorkinak dira. Gainera, horietatik asko arauz kontrako egoeran daude. Hortaz gobernuak etorkinak legeztatzeko aukera eman zuen horretan etorkinak diren prostituta asko erregulatu gabe gelditu ziren.



Abolizioa ez duzu inondik inora kontenplatzen…



Prostituzioa desagertzea nahi duenak zilegia iruditzen zait. Eta prostituzioa duina ez dela pentsatzen duena, ez dadila horretan sartu, baina ez dezatela pentsatu, pentsatzeko modu hori gizarte osoari inposatu diezaioketenik. Ez da esan beharrik ere harreman sexualak berdintasun printzipioekin eta errespetuarekin gertatu behar direla. Dirua tarteko egoteak, hortaz, ez dut uste inori minik egiten dionik. Beraz, ez dut arrazoirik ikusten abolizioa eskatzeko.



Eredu desberdinak daude prostituzioa araupetzeko. Alemaniakoa, Holandakoa eta Suediakoa adibidez. Zer deritzozu?


Suediakoa esaterako deskalabru hutsa da. Hango sindikatuek esan digutenez, prostituzioa klandestinizatu egin da erabat, eta ondorioz, lan baldintzek okerrera egin dute, mafiak ugaritu dira… Bestalde, bezeroaren jazarpena bultzatzea puritanismo zakarra iruditzen zait. Ez dakit zer duen txarretik zerbitzu sexualak alokatzea. Prostituzioaren muturreko gaitzespen hori feministen alde batek defendatzen du. Horien iritziz, gizonezkoek botere kontuengatik erabiltzen dute prostituzioa. Nik ez dut horretan sinisten. Ni betidanik feminista izan naiz eta emakumeen bazterkeria ekiditea da nire egitekoa, ez gizonezkoen ekintzak beti txarrak direla pentsatzea.


Legeztatzearen prozesua abiatzeko, hasteko, prostituzioaren inguruan sortu diren topikoekin hautsi beharko litzateke ezta?


Dudarik gabe. Prostituzioa aurreiritzi interesatuez inguratuta dago betidanik, eta horiek eragiten dute prostitutak biktimak bezala ikusiak izatea edota gizonezkoen sexualitatearen zerbitzura dagoen haragi puska balitz bezala ikusia izatea. Ideia hauek bestelako kontu urratzaileagoak mozorrotzen dituzte, hots, prostituten gabeziak, larritasunak eta benetako egoera. Zenbaitzuen moralitateak kalte egiten die emakumeei eta penagarria da feminismoaren parte batek ideia horiekin bat egitea.

No hay comentarios: